Azken urteotan, digitalizazioa sendo astintzen aritu izan da hezkuntza formalaren egunerokoa.
Pandemiak izugarri bizkortu du ikasleek konpetentzia digitalak sistematikoki garatu beharraren premia.

Erreferentziazko markoak, hauek: DigComp herritarrentzako Konpetentzia Digitala DigCompEdu hezitzaileentzat eta DigCompOrg erakundeentzat. Horiek garatzerakoan begirada kritikoa aktibatu ezean, eremu digitaletan ere, analogikoetako bazterkeria eta ezberdinkeriak erreproduzituko dira. Zer egin dezakegu? Horretaz jabetu, desikasi beharrekoak desikasi eta bestelako marko teoriko eta jardunbideetan murgildu.

Azken finean, teknologia digitalaren eta gailuen erabilera inkontziente hutsetik haratago joan eta teknopedagogia kritikora hurbildu.

Hezkidetzak, feminismoen ekarpenak hezkuntzara ekarri bezala, [ziber]hezkidetzaren begiradak baduzer esan digitalizazioak eragindako eremuetan guziontzat mundu bidezkoago eta bizigarriagoa eraikitzeko, ikasleek zein irakasleek konpetentzia digitalak modu parekide-, inklusibo- eta librean garatzeko.

Bidean, jorratu beharreko gakoen artean, hauek: euskara eremu digitalean, ikasitako teknoutopia, teknoeszeptizismo eta teknofobiak, genero-arrakala digitalak, ziberfeminismoak, ziberbizikidetza positiboa, zibersexismoa, ziberautodefentsa feminista, ezagutza-, baliabide- eta software libre eta irekiak, eta abar.

Teknologia digitalen eta humanitate-, hizkuntza- zein gizarte-zientzien elkargunean dagoen Humanitate Digitalen bueltan sortu da ekarpen hau. Bere xedea Hezkidetzaren ikuspegitik hezkuntza formaleko teknologia digitala eta digitalizazioari ekarpenak egitea.