Digitala, -sustatzen duen agentzia gaitasunari erraparatuta- , eremu eta tresna politiko ezin hobea bihurtu da narratiba alternatiboak plazaratzeko, askotariko identitateak, ezagutzak, harreman parekideak eta askeak aldarrikatzeko.
Gizarte zientzietan erabiltzen den agentzia kontzeptuak [1] laguntzen digu botere hierarkiko ahalguztidun eta gaindiezin baten ideiarekin hausten. Agentzia kontzeptua pertsonek, banaka zein taldeka, kontzienteki edo inkontzienteki, eraldaketa soziokulturalerako beren testuinguarekin elkarreragiteko duten gaitasuna da.
Hori hezkuntzara ekarrita, nabaria da hezitzaileon ardura politiko eta soziala. Jendarte berdinkide baten aldeko jarrera kritiko eta konprometituak lagunduko dio jendarteari egunetik egunera humanoago eta bidezkoagoa izaten. Horretarako, digitalean, aurrez aurrekoan bezala, sistemaren arrakalak bilatu eta haietan palanka egitea, estrategikoa da.
Zein ote dira digitalak horretarako ematen dituen bideak?
Hau, ziberhezkidetzaren begiradatik, jarduteko dekalogo bat:
1-Ziberhezkidetzak [ziber]feminismoen ekarpenak ditu oinarri, baita begirada intersekzionaletik askotariko hezkuntza-eragilek egindako proposamen digital eraldatzaile, kritiko eta inklusiboak.
2-Ziberhezkidetzak bereizkeriarik eza du printzipio nagusia: sexu-genero, egoera sozioekonomiko, jatorri, hizkuntza, ezaugarri fisiko edo psikiko edo beste edozein arrazoirengatiko bereizkeria digitalei aurre egiten die.
3-Ziberhezkidetzak bere egiten ditu Internet feminista eraikitzeko proposamenak, pertsona ororentzako hezkuntza-eremu digital segurua bermatze aldera.
4-Ziberhezkidetzak [ziber]bizikidetza positiboaren alde egiten du, zaintza tekno-emozionalak lehenetsiz harremanak eraiki eta gatazkei aurre egiteko probentzio eta prebentzio mailan.
5-Ziberhezkidetzak genero-indarkeria eta indarkeria matxista digitalak identifikatu, salatu eta kudeatzeko estrategiak luzatzen ditu, indarkeria matxistarik gabeko espazioak, diskurtsoak eta imajinario digital alternatiboak sortzeko.
6-Ziberhezkidetzak [ziber]autodefentsa feministatik jarduten du: eraso digital matxistak dokumentatu, identifikatu, ikertu, ikusarazi eta salatzen ditu, baita horien aurrean jarduteko defentsa-mekanismo zein ahalduntze estrategia pertsonalak zein kolektiboak proposatu ere.
7-Ziberhezkidetzak emakumeen ahalduntze digitalean indar egiten du: sarean beraien identitate digitala garatu eta partaidetza berdintasunean bermatzeko bideak erakusten ditu.
8-Ziberhezkidetzak [ziber]sare feministak josten ditu hezkuntza komunitatean. Patriarkatuak sustatzen duen emakumeen isilaratze aktiboaren aurka, erreferente eta komunitate feministak bistaratzen ditu, baita errealitate digital matxistak salatu ere; hezkidetza-komunitate birtualak sustatzeaz gain, online zein offlinerako hezkuntza-programak aldarrikatzen ditu.
9-Ziberhezkidetzak bat egiten du teknologia zein Internet inklusibo, irisgarri, deszentralizatu, aske, zihur eta euskalduna eraikitzeko sinergiekin.
10-Ziberhezkidetzak aldarrikatzen du Konpetentzia Digitalak garatzeko esparruetan genero-ikuspegia txertatzearen ezinbestekotasuna, sistema baztertzailea erreproduzitzen ez segitze aldera.
Gaurko saioa bukatzeko, Nataliren abestia: “Zerbait aldatzera doa”
Hurrengo bat arte!
Ongi izan!
Erreferentziak
[1] Zapata, María (2017) “Importancia de la agencia y las prácticas corporales en la recuperación de las depresiones”, (Con)textos: revista d’antropologia i investigació social, 7: 71-85. https://revistes.ub.edu/index.php/contextos/article/view/20098/22241
Musika
Zylo-Ziko Unguja (FMA) https://freemusicarchive.org/music/Xylo-Ziko/polyrhythms/unguja
Icicles Melting (Kevin MacLeod) https://youtu.be/lGh4rMinX2o
Zerbait aldatzera doa (Natali) https://youtu.be/bOZmi8ThesM
