Digitalak hezkuntza eremuetan lekua irabazi du; curriculumean zeharkako bilakatu da, gailu digitalak omnipresente dira, hezkuntza komunitateen konpetentzia digitala garatu beharrean dago fokua eta ikasgeletatik kanpo eremu digitaletan gertatzen direnak aurrez aurre ditugu ikasgeletan egunerokoan. Kontua, hala ere, hauxe da: digitalean eta digitalarekin noraino iritsi nahi dugu?
Hasiera batean Informazio eta Komunikazio Teknologiak zirenei, IKTak, Harreman faktorea gehitu ohi zaie dagoeneko (HIKT bezala izendatuz). José Antonio Gabelas-Barroso eta Carmen Marta-Lazoren hitzei jarraiki, H-arreman faktoreak agerian uzten eta dimentsionatzen du prestakuntza-prozesuetan parte hartzen dutenen artean harreman sozial, kognitibo eta emozionalen garrantzia. Harremanen H-a komunikazioaren K horren grabitate- eta mugimendu-puntu bihurtu da, neurri handi batean mugatua dagoena teknologia, T-aren, teknizismoarekin eta transmisio bihurtutako I-aren, hots, informazioaren gehiegikeriarekin.

Ez hori bakarrik, bideratzen ditugun ikas-irakas prozesuen arabera, HIKT-tik haratago, teknologia digitalak Ikasketa eta Ezagutzarako Teknologiak (IET) bihur daitezke, baita hurrengo pauso batean, Ahalduntzeko eta Parte hartzeko Teknologiak izan ere (APT).

Dolors Reigek dioen bezala, gure jendarteko sektore gero eta zabalagoetan interaktibitatea eta parte-hartzea ez dira jada aukera bat, dagoeneko txiki-txikitatik [eskolaz kanpoko] sozializazio digitalean ematen diren kontuak baizik. Hezitzaileok metodologia eta sekuentzia didaktikoen inguruan hausnartzean, aztertzeke dugu noiz eta zein helbururekin txertatzen ditugun teknologia eta gailu digitalak, baita zein aukera ematen diegun ikasleei konpetetentzia digitala bere osotasunean garatzeko. Zer esanik ez bidea oztopatzen duten arrakala digital ezberdinen kontzientzia mailan: irismen arrakala, genero-arrakala, adin-arrakala, erabilera-arrakala, eta abar.
Lorena Fernandezek dioen bezala, teknologia digitalak, azken finean, ez dira neutroak ezta hartzen diren erabakiak ezinbestean bidezkoak ere, sarritan arraza-, genero- eta sexu-genero sesgoak erreproduzitu, erreplikatu eta anplifikatzen baitituzte. Hezitzaileon esku dago horren kontrako narratibak sustatzea eta ikasleengan pentsamendu eta begirada kritikoa trebatzea bazterkeria digital oro identifikatu, salatu eta ez erreproduzitzeko.

Digitalean ere askatasunaren, errespetuaren eta bidezko bizitzen alde.

Gaurko saioa bukatzeko, Izaroren abestia “Libre”, Cris Lizarragarekin batera abestua.

Hurrengo bat arte!
Ongi izan!

Erreferentziak:
Gabelas-Barroso, José Antonio eta Marta-Lazo, Carmen. (2020). La era TRIC: Factor R-elacional y Educomunicación. egregius. https://egregius.es/catalogo/la-era-tric-factor-r-elacional-y-educomunicacion/

Reig, Dolors. (2016). TIC, TAC, TEP : Internet como escuela de vida. Cuadernos de pedagogía. 473. zenbakia. Redined. https://redined.mecd.gob.es/xmlui/handle/11162/131746

Fernández, L. (2019, uztaila). Lo esencial es invisible a los ojos. O cómo luchar contra la opacidad de los algoritmos y sus sesgos. El Blog de Loretahur.. Hemendik eskuratua (2022-04-12): http://blog.loretahur.net/2019/07/lo-esencial-es-invisible-a-los-ojos-o-como-luchar-contra-la-opacidadde-los-algoritmos-y-sus-sesgos.html.

Abestiak:
Gregor Quendel-Cinematic Music Sketches:
Cinematic Fairy Tale Sketch https://freemusicarchive.org/music/gregor-quendel/

Izaro - Libre ft. Cris Lizarraga https://youtu.be/I2adPBZjA3g