https://labur.eus/atzeraelikadura
Zer da atzeraelikadura? Ikasleek konpetentziak garatzeko estrategiarik indartsuenetako bat. Ikasleak berak egin duen zerbaiti buruz jasotzen eta erabiltzen duen informazioa da. Norantz eta nola doan argitzen diona eta bere ikaskuntza-bidaian eman ditzakeen hurrengo urratsen berri ematen diona. Atzeraelikaduraren xedea? Hobekuntza gidatzea.
Atzeraelikadura motak: FeedUp edo elikatzea, FeedBack edo atzeraelikatzea eta FeedForward edo aurreraelikatzea. Elikatzeak ikasleari adierazten dizkio modu esplizituan zein diren ikaskuntzaren asmoa eta arrakastarako irizpideak. Atzeraelikatzeak iruzkin globalak egiten ditu egindako jardueren harira; Aurreraelikatzeak, berriz, etorkizunera begira, ekarpenak hobetzeko informazioa ematen du.
Atzeraelikadura eraginkorrerako, berebiziko garrantzia du ikasleek FeedUp-a edo elikatzea onartzea, hau da, lortu beharreko ikaskuntza-helburuak asumitzea: beraz, espektatibak eta estandarrak zein diren ongi azaltzea ezinbesteko aurrebaldintza da atzeraelikadura-praktika efektiboak gauzatzeko.
Ebaluazio hezigarrian garrantzitsua da atzeraelikadura aplikatzea, amaieran kontuak emateaz gain, prozesua ebaluatzen baitu, baita arreta osoa jarri ikasleen osagai afektibo eta emozionalean, beren gaitasunak osotasunean garatzeko. Ebaluazio hezigarriaren eremuan kokatzen da, horren helburua delako irakasleek ikasleen lorpenei buruzko frogak ematea, heziketaren hurrengo urratsak zein izango diren zehazte aldera.
Ikasle bakoitzari atzeraelikadura espezifikoa eta xedeetara bideratua eskainiz gero, probabilitate gehiago dago ikasleek atzeraelikadura jaso eta erabil dezaten. eLearning eremuan, lineakoan eta i[ra]kaskuntza hibridoan, jarraipen pertsonalizatua egiteko aukerak baliatzeko unean gaude.
Ikerketek erakutsi bezala, eraginkorra da ikasleak rol aktibo batean alfabetatzea digitalki jasotako feedbackarekin zer egin eta nola jokatu jakin dezaten.
Atzeraelikaduran, irakasleek nola ematen duten aztertu ez ezik, ikasleek nola jasotzen duten ikertu da. Bi norabideko eredu horretan, atzeraelikadura hau da: ikasleak jasotzen eta erabiltzen duen informazioa, nora doan eta nola doan argitzen duena eta bere ikaskuntza-bidaian egingo dituen hurrengo urratsen berri ematen duena.
Atzeraelikaduraren kausa-efektu nozioa, hau da, ikasleek ezinbestean arrakasta izateko estrategiarik indartsuenetako bat denik zalantzan jarri izan da; izan ere, frogatu da atzeraelikadurak ez duela berez ikaskuntza ziurtatzen, ikasleek gutxitan erabiltzen eta gauzatzen baitute irakasleek emandako atzeraelikadurarik gehiena.
Bestalde, irakasleek atzeraelikatze [asko] ematen dutela frogatu bada ere, ikasleek adierazi ohi dute ikaskuntzarako baliagarria den atzeraelikatze gutxi jasotzen dutela. Ikasleak jaso eta erabili dezakeen atzeraelikatzeari dagokionez, kalitatea da alderdirik funtsezkoena, eta ez kantitatea.
Ikerketek nabarmendu dute lagungarria suertatzen dela hasiera-hasieratik ikasleari estandarrak eta irizpideak zehaztea, eta kanpo-atzeraelikatzea ematearekin batera, berdinen arteko atzeraelikadura autoebaluazio-gaitasunak eraikitzeko garaian; azken finean, ikaslea bera konpetente dadin bere lana estandar jakin batzuekin konparatzeko eta zer arlotan hobetu behar duen identifikatzeko.
AurreraAurreraelikatzea atzeraelikadura-begizta ixteko bide aproposa da.
Oinarrizkoak ditu lehenago ere aipatutako hiru baldintzak: ikasleei bete beharreko estandarrak azaltzea, atzeraelikatze jarraitua eta xedeetara bideratua eskaintzea eta autoebaluazio-praktikak sustatzea.
Arriskurik nabarmenak hauek dira; ikasleek berandu jasotzea edo oker interpretatzea horren edukia. Horregatik, garrantzitsua da zikloa errepikatuko dela bermatzea: ikasleak aukera izango duela entrega hobetzeko eta irakasleak berriro elikatzeko.
Ikasleei galdetuta, beren ustez eraginkorrena da atzeraelikaduraren barruan hobekuntzari buruzko informazioa ematea, ikaskuntzarako hurrengo pausoak zehaztea; beste modu batez esanda, aurreraelikatzea sustatzea. Beraiek adierazten dute asko estimatzen dutela gidaritza eta hobekuntza bideak eskaintzen dituen aurreraelikatzea.
