Aurpegiak goiztiri hutsak bailiran
Erdiko mahaian erreparatu dute
Edo leihotik harantzagoko itxurak egin

Altxa eta ateaz harantzago desagertu
Esperantza eskuetan. Borondatea. Patua
Pentsatzea ere zorigaitzari berari deitzea da!

Aldizkariek bizitzaz dihardute
Eguzkiak errainu dagi baldosa gainean
Dena zuria bada ere
Odolaren gorria neurtzen da hemen

Gure heriotza aholkatuaz kontrako
Egite baten ondorioz suerta daiteke
Zenbaki eta taulek agin dezakete noiz
Birusak erabaki nola baina
Gertatuko da, gertatuko denez

Nahiz eta hemengo denok ez jakinarena egin
Hiltzea denoi dagokigun neurrian
Inori ez dagokiola uste baitaiteke

Bizitza itxarongela bat da baina bizitza berarena

Musika: OLOR

Letra: Juanjo Olasagarreren “Joxerra Agirrek HIESaren frogak egitera joan zenean (a)” (Larkinen erara) olerkia, nik neuk moldatua. Jatorrizko bertsioa “Puskak Biziz” liburuan aurkitu daiteke (Susa argitaletxea, 2000).

Bateria: Ibon Guerra.