Amona zahar bat ari zen – Hubei lurraldean –, farol baten argitan, zerbaiten bila, etxe aurrean. Handik bertatik pasatzen zen jendeak galdetu zion:

– Zeren bila zabiltza, amona?

– Jostorratzaren bila.

Eta denak jarri ziren jostorratzaren bila, etxe aurrean, farolaren argitan. Halako batean, galdetu zioten amonari:

– Non galdu duzu jostorratza, amona?

– Etxeko sukaldeko txokoan – amonak.

– Eta etxe aurrean zabiltza bilaka?

– Hemen argi ederra baitago – amonak –, eta, sukaldeko txokoan, berriz, ezta batere.